Sarrerak erosi

Menua

Bideoa ez ikusi

Erakusketaren babeslea:

Ba al zenekien?

 

Museo baterako artelanak

Anselm Kiefer (Donahueschingen, Alemania, 1945) Guggenheim Bilbao Bildumaren artista nagusietako bat da. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan sortutako formatu handiko hamaika artelan ditu bildumak, Museo honetan berariaz erakusteko eskuratutakoak. Horien artean, margolanak, eskulturak, liburuak eta xilografiak daude. Artelan horietako batzuk, sarritan testura eta material organikoz gainezka daude, hala nola, ekilore-haziak edo zainzuriak.

Historiaz, mitologiaz eta Bigarren Mundu Gerraren eta Holokaustoaren izugarrikeriez ikertze lanetan urtetan ibili ondoren, gizakiaren espiritualtasuna eta adimenaren funtzionamendua arakatzeari ekin zion Kieferrek

Esperimentazioaren bidea

Jorge Oteiza (Orio, Gipuzkoa, 1908–Donostia, 2003) Guggenheim Bilbao Bildumaren euskal artista funtsezkoetako bat da. Hain zuzen ere, 1957. eta 1958. urteen bitartean sortutako eskultura multzoaren jabe da bilduma, “familia esperimentalei” edo sailei dagokiena. Horiekin Oteizak hiru dimentsioaren inguruan ikertzen zuen, gorputz geometrikoak zilindro, esfera edo kubo gisa hustuz. Pieza horietako batzuk Kutxa metafisikoak sailari dagozkio eta 301. aretoan daude ikusgai.

Oteizak 1959an utzi zuen jardun artistikoa, euskal kultura, politika eta hezkuntzaren ikerketari heltzeko

Mende erdi bat bilduman

Guggenheim Bilbao Bilduma osatzeko eskuratutako lehen artelanen artean, Eduardo Chillidaren (Donostia, 1924–Donostia, 2002) artelanak daude. Euskal eskultorearen eta Guggenheim Fundazioaren arteko harremana 1958an hasi zen, Fundazioak Barnetik (1953) artelana erosi zuenean. Gerora, 1959an, Solomon R. Guggenheim Museum-en inaugurazio-erakusketan artelan hori ikusgai jarri zen. Urte batzuk geroago, 1980an, New Yorkeko museoak artistari eskainitako erakusketa monografiko garrantzitsua egin zuen, eta ia hogei urte geroago, 1999an, Chillidaren ibilbidea omentzeko erakusketa antologikoa antolatu zuen Guggenheim Bilbao Museoak; artistak berak esku hartu zuen azken erakusketa horretan.

Guggenheim Bilbao Bildumak gaur egun 134 lan ditu, XX. mendeko bigarren erdialdeko eta XXI. mendeko artista esanguratsuenetako batzuenak

Didaktika

Didaktika proiektuak erakusketaren edukiak osatzen ditu. Horretarako, hezkuntza guneak, jarduera bereziak.

Gune honetan hainbat testu ikusiko dituzu, ausaz ordenatuak eta “Jakingarriak” izenburupean taldekatuak. Guggenheim Bilbao Bildumaren artelan batzuen inguruko argibideak eta alderdi interesgarriak jasotzen dituzte; Bilduman 134 artelan daude gaur egun. Horrez gain, irakurketa gune bat dago Guggenheim Bilbao Bildumaren ingurukoa.

Nor da lan honen jabea?

Robert Rauschenbergen (Port Arthur, Texas, AEB, 1925–Captiva Island, Florida, AEB, 2008) Gabarra (1962–63) 303. aretoan dago. Artelana ezohiko kasua da Guggenheim instituzioen erosketa politikari dagokionez, Solomon R. Guggenheim Museum-ek eta Guggenheim Bilbao Museoak haren jabetza partekatzen baitute; horrelako lan bakarra da.

Rauschenbergek 24 ordu eskasetan sortu zuen tamaina handiko artelan hau eta 1960ko hamarkada hasierako kultura estatubatuarraren erreferentzia bisualez hornitu zuen. Serigrafiaren erabilera bikaina eta pintzelaren erabilera zinez adierazkorra ezin hobeto konbinatu zituen

Zer sentitzen duzu artelan honen aurrean?

AEBko Espresionismo Abstraktuaren adibide garbia da kolore-eremu pintura izenez ezaguna den estiloari dagokio. Sarritan plano kromatiko handietan erakutsitako kolorea behatuz, pertsonen sentimenduak eta emozioak asaldatzea zen Rothkoren helburua.

Mark Rothkoren (Dvinsk, Errusia, 1903–New York, AEB, 1970) Titulurik gabea (1952–53) artelan ikusgarria ikus daiteke. Artistaren ibilbidearen pieza nagusia da, bai eta Guggenheim Bilbao Bildumarena. Artelan honek zeresan nabarmena izan zuen Art Institute of Chicagon 1954an erakutsi zenean, Rothkoren heldutasuna agerian uzten zuen lehen bakarkako erakusketan.

Giza gorputzaren garrantzia

Francesco Clementek (Napoli, Italia, 1952) Amaren gela (1995–1997) aginduz sortu zuen Guggenheim Bilbao Museoaren inauguraziorako. Erdi Aroko eta Errenazimentuko stanze geletako espazioak eraldatzen zituzten horma-irudiak gogorarazten ditu. Artelan hau egiteko artistak 1920ko hamarkadako antzerki-oihal bat erabili zuen, eta hamazazpi paneletan gauzatu zituen hainbat narrazio eta irudi abstraktu. Panelek esperientzia bisual zirraragarria sortzen dute, Clementeren artegintzaren bereizgarri diren kolore eta formek areagotzen dutena. Artistak giza gorputza tresnatzat baliatu zuen, 306. aretoko panel bakoitzaren esanahia aditzera emateko.

Clementek Italiako Transabangoardia mugimenduaren garapenean funtsezko zeregina izan zuen. Izen hori eman zion Achille Bonito Oliva arte-kritikariak 1980ko Veneziako Bienalean sortutako mugimenduari: giza irudiak eta ohiko materialak baliatzen zituzten mugimenduko artistek